2012/05/14

BOOKCROSSING

     Bookcrossing liburuak elkarrekin trukatzeko proiektua da eta gaur egun mundu osoko milaka irakurle biltzen ditu. Aspaldi Interneten sortutako ideia hori gaur egun sistematizatuta dago webgune batean: http://www.bookcrossing.com. Webgune horrek aukera ematen du datu basea sortzeko eta liburuen jarraipena egiteko. Hala, liburu bakoitza nondik nora dabilen jakin daiteke.

     Jarduera hau mundu osoan zabaltzen ari da. Liburuak gune publikoetan uzten dira, jendeak har ditzan. Gero, irakurleak berriro ere beste gune publiko batean utzi beharko du liburua, irakurleen arteko trukaketa bilatuz.

     Bookcrossing honek badu bere prozesua: liburu bakoitza webgunean erregistratzen da eta kode bat ematen zaio. Liburua erregistratu baino lehen, webgunean izena eman behar dugu. Azalpen orri bat ere jartzen da liburuan, aurkitzen duenari azaltzeko liburuak zer helburu jarraitzen duen. Liburua erregistratu ondoren jabeak non uzten duen esaten du webgunean. Hemendik aurrera liburua hartu eta irakurtzen duenak posible du web orrialdean bere datuak ematea eta honela liburuaren jarraipena egin daiteke.

      Gure ikastetxean Liburuaren astea izan dugu apirilaren 23tik 27ra eta beste jarduerez gain, Bookcrossing delakoa egin dugu 3. zikloko ikasleok. Auzoko zenbait tokitan utzi ditugu liburu batzuk eta orain espero dugu norbaitek hartzea eta ekintza honekin jarraitzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina